2021-03-28

ARABARREN egoitzaren "lehen harria" ekitaldia Gasteizen

Compartir

ARABARREN egoitzaren lehen harria ekitaldia Gasteizen

 

Diputatu nagusia adinekoentzako eta desgaituentzako egoitza berria eta eguneko zentroaren lehenengo harria ipintzeko ekitaldian izan da. 150 plaza publiko edukiko ditu gune horrek.

Arabako lehenengo zentroa da ezaugarri desberdinak dituzten adineko pertsonak artatuko dituena –haien artean, gaixotasun mentala edo adimen desgaitasuna duten pertsonak, zahartu eta adineko pertsonen kolektiboaren barruan sartu direnak–.

Aurreikusten da 2023an hasiko dela funtzionatzen

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 26a. Arabarren egoitzagunea gaur goizean jarri da abian, Gasteizko Lakua aldean dagoen lurzati batean lehenengo harria ipintzeko ekitaldiarekin. Zentro soziosanitario berriak 150 egoitza plaza edukiko ditu, egoitzakoak eta eguneko zentrokoak batuta, adinekoentzat eta desgaituentzat. Plaza guztiak publikoak eta Arabako Foru Aldundiak Arabarren gizarte ekimeneko kooperatibarekin itunduak izango dira. Entitate horrek kudeatuko du zentroa. Aurreikusten da egoitza 2023an hasiko dela funtzionatzen.

Arabarren Blas de Otero kalean dago eta 150 plaza edukiko ditu, ezaugarri desberdinetako erabiltzaileak artatzeko. Adinekoentzako egoitzak 100 plaza izango ditu, 25na plazako lau modulutan banatuta. Modulu horietako bitan (berrogeita hamar plaza), narriadura kognitiboa duten adineko pertsonak artatuko dira. Beste bietan, berriz, gaixotasun mentala duten adintsuak (25) eta adimen desgaitasuna duten adintsuak (25 plaza) biziko dira.

Halaber, desgaitasun fisiko larria duten pertsonentzako egoitza bat ere izango da, 25 egoiliarrentzako lekuarekin, eta 25 adintsurentzako eguneko zentro batekin osatuko da.

Arabarren egoitzagunea izango den eraikinean, adinekoentzako moduluetako gelen % 75 banakakoak izango dira, bai eta ezintasun fisiko larriren bat dutenentzako gela guztiak ere. 125 egoitza plazetatik, 101 banakakoak eta 12 bikoitzak izango dira. Eraikin bakarra izango da, behe solairua gehi bi solairu izango dituena, 7.700 metro koadro baino gehiagoko azalera eraikiarekin, guztira, eta berdegune bat ere izango du. Beheko solairua hiru ekipamendu horien arabera bereizita egongo da eta, gainera, haien guztien eremu erkideak bilduko ditu.

Lehenengo harria ipintzeko ekitaldi sinbolikoan Ramiro González Arabako diputatu nagusia izan da. Arabako egoitzetan koronabirusaren ondorioz hil diren adineko pertsonei omenaldia egin die, eta bere eskerrona agertu dio egoiliarren, ahaideen eta arlo soziosanitarioko profesionalen multzoari, “zorigaitzezko hilabete hauetan izan duten jokabide eredugarriarengatik”.

 Bere hitzaldian, diputatu nagusiak azpimarratu du Arabarren “egoitza bat baino gehiago” dela. “Pertsonen zainketaren arloan proiektu bakana eta berritzaile bat da, haien bizitza kalitatea hobetzeko asmoa duena. Erantzun dibertsifikatua emango die ezaugarri desberdinak dituzten adineko pertsonei, ikerketa bultzatuko du, prestatuta egongo da Covid-en osteko arorako, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza eredu bat izango da, eta gizarte ekimeneko kooperatiba batek kudeatuko du”.

“Arabaren etorkizunera begiratzen dugu, begien aurrean daukagun erronka demografikora. Horregatik, foru gobernu hau apustu handia egiten ari da jada egoitza plazen kopurua handitzeko”, Arabarren dela medio, gaineratu du Ramiro Gonzalezek.

Ekitaldian, Amagoia Barandiaran kooperatibako presidenteak eta Alberto Gorroñogoitia Mondragon Korporazioko presidenteordeak ere hitz egin dute. “Sektore soziosanitarioan, Mondragonen nortasun ezaugarriek, pertsona eta haren duintasuna ardatz hartuta, zentzurik handiena hartzen dute, pertsonen eta pertsonen jarduera bat delako”.

Amagoia Barandiaranek, bere aldetik, “Araban jaiotako” kooperatiba dela azpimarratu du, eta hortik datorkio Arabarren izena. “Arabarrentzat kooperatiba arabarra gara, eta gure adinekoentzat eta ezintasun fisiko larria dutenentzat lan egiten du. Lan elkartuko kooperatiba garen aldetik, kooperatibaren beraren lan bazkide gisa ehun pertsona baino gehiago sartzeko asmoarekin jaio gara. Hemendik aurrera hau izango da gure erronka nagusia: Arabarren familia sortzen lagundu nahi diguten pertsonak ilusionatzeko gure proiektua aurkeztea”.

Egoitza zentroa martxan jarri eta kudeatuko duen kooperatibako partaide dira langile bazkideak, Krean kooperatiba (Mondragon Korporazioa), eraikina diseinatu duena eta haren eraikuntzaz arduratuko dena, eta IMQ Igurco, zerbitzu soziosanitarioen kudeaketan erreferentzia puntu bat den enpresa, gai honi buruzko bere jakintzaz lagundu duena.

Entitate horietako arduradun gorenak ere izan dira ekitaldian: Javier Aguirregabiria (IMQren zuzendari nagusia), Santiago Canales (IMQ Igurcoren zuzendari nagusia), Jon Berbel (Krean Group-en zuzendari nagusia) y Asier Etxabe (Krean Promotion-en zuzendaria).

Hitzaldien ondoren, diputatu nagusiak eta Arabarren kooperatibako presidenteak gauzaki batzuk sartu dituzte lehenengo harria ipintzeko ekitaldia gogoraraziko duen ontzian: eguneko berripaperak, egoitzaren planoa eta maskara kirurgiko bat, koronabirusak sortu duen egungo pandemia egoeraren adierazgarri.

Arabako diputatu nagusiak egoitzagunearen ezaugarri garrantzitsuenak azpimarratu ditu:

Eredu barneratzailea, banakako erantzuna ematen diena kolektibo desberdinetako adintsuei, hau da, narriadura kognitiboa, gaixotasun mentala edo adimen desgaitasuna dutenei. Alde horretatik, gaixotasun mentala edo adimen desgaitasuna duten pertsonak, zahartu eta adineko pertsonen kolektiboaren barruan sartzen direnak, era egokian artatuko dituen lehenengo zentroa izango da Araban.

Pertsonentzako zainketan berrikuntzaren kultura sustatzea, haien bizitza kalitatea hobetzeko asmoz. Horrek berekin dakar dementzia aurreratua duten pertsonei arreta berezitua ematea, zentroaren arreta ereduak pertsonen beregaintasunaren printzipioa oinarri duelarik.

Dementzia, gaixotasun mentala edo adimen desgaitasuna duen adineko pertsonaren eta ahaideen eta zaintzaile profesionalaren arteko lokarria ardatz duen arreta eredua sustatuko dugu”, adierazi du diputatu nagusiak. Horrez gainera, teknologia berriak erabiliko dira, hala nola domotika, telemedikuntza eta adimen artifiziala, pertsonen egoeraren okerragotzeari aurrera hartzeko eta detektatzeko, eta haien zainketa eta bizitza kalitatea errazteko. 

Araban enpresa teknologikoekin eta unibertsitateekin egiten den ikerketa sustatzea gai hauetan: arreta eta zainketa eredua, hauskortasunaren, desgaitasunaren eta mendekotasunaren aurrerapena, eta adineko pertsonen jokaera arazoetako esku-hartzea eta horien kudeaketa integrala.

Covid-en osteko arora moldatzea, egoitzak bizikidetza-unitate txikiagotan modularizatuz edo atalduz, eta banako gela gehiagorekin, infekzioaren transmisioa eragozteko eta kutsapen arriskua murrizteko. Horri gaineratzen zaizkio beste elementu batzuk, hala nola langileentzako aldagela egokituak, irteera eta sarrera zirkuituak bereizita dauzkatenak, kutsatzeko arriskua murrizteko, eta kanpoko terrazak, segurtasunez paseatzeko aukera emateko.

Ekipamendu honen berritasun nagusietako bat lorategi terapeutikoa izango da, pertsonek aisia leku segurua edukitzea ahalbideratuko duena. Baita ere, haien gorputz eta gogo osasuna hobetuko du, kalte hartu baitu Covid-19rengatik eta zentroetan hartu behar izan diren prebentzio neurriengatik.

Mugarria arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzan. Arduraduna erakunde publiko bat duen eta gizarte ekimeneko kooperatiba batek kudeatzen duen eredu bat da. “Arabako Foru Aldundiaren asmoa da etorkizunean bide horretan jarraitzea, gure gizarte zerbitzuen jasangarritasuna eta kalitatea zaindu behar baiditugu”, ziurtatu du diputatu nagusiak.

 

ARABARREN egoitzaren lehen harria ekitaldia GasteizenARABARREN egoitzaren lehen harria ekitaldia GasteizenARABARREN egoitzaren lehen harria ekitaldia GasteizenARABARREN egoitzaren lehen harria ekitaldia GasteizenARABARREN egoitzaren lehen harria ekitaldia GasteizenARABARREN egoitzaren lehen harria ekitaldia GasteizenARABARREN egoitzaren lehen harria ekitaldia GasteizenARABARREN egoitzaren lehen harria ekitaldia GasteizenARABARREN egoitzaren lehen harria ekitaldia Gasteizen